Gobierno Vasco Plataforma del Voluntariado Ministerio de Sanidad, Servicios Sociales e Igualdad

 

XV. Boluntariotza Kongresuaren aurkezpena. Galizia, 2011.

Estatuko XV. Boluntariotza Kongresuaren aurkezpena.

2011n Galizian izandako XIV.

Kongresuan esandako hitzak.

 

Estatuko XIV. Boluntariotza Kongresua amaitu ondoren, muga urte bakoitzean aurrekoan baino gorago dagoela sentitzen dugu; beraz, lehenik eta behin, Galizia eta guk baino lehen biltzarra antolatu duten gainerako erkidegoak zoriondu nahi ditut, haien ereduarengatik eta emandako ezagutzengatik, hori guztia gogoan hartu dugu. Era berean, beti jaso izan ditugun kalitatea eta harrera ona eskertu nahi dizkiet. 

Bigarrenik, esan nahi dizuet Euskadin 2012an antolatuko dugun Estatuko XV. Boluntariotza Kongresua aurkeztera etorri naizela; horregatik, antolaketa-lan hori nola garatzen ari garen zuei labur azaltzea gustatuko litzaidake.

2009an, Osasun, Gizarte Politika eta Berdintasuneko Ministerioak Estatuko XV. Boluntariotza Kongresuaren egoitza Euskadin izatea proposatu zigunean, opari handi bat egin zigun, agian ohartu gabe. Jakin badakit horrelako biltzar bat, hainbeste parte-hartzaile biltzen duena, urtero antolatzea erronka bat dela, eta ahalegin handia eskatzen duela. Biltzarrak berezkoak dituen elementu horiei gehitzen zaizkie bizi dugun unea eta ditugun baliabide ekonomikoak. Hori dela eta, orain arteko kalitatearen eta parte-hartzearen mailari eusteko, «gutxiagorekin gehiago lortu» beharko dugu, eta, ondorioz, hasiera-hasieratik, praktikan jarriko ditugu boluntarioen funtsezko balore batzuk: lankidetza, kooperazioa, sormena eta profesionaltasuna.

Ildo horretatik, buru-belarri ari gara erakunde gero eta gehiagori biltzarraren antolaketan parte hartzeko eta biltzarrera hurbiltzeko gonbidapena egiten, euren harri-koskorra ekar dezaten. Horrela, XV. Kongresua kolore askotariko mendi bihurtuko litzateke, norberak eskaini dezakeen ekarpen onenez eraikia. Hori lortzeko irrikan, ordea, ez gaude bakarrik. Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak kudeatuta, Boluntariotzaren Euskal Kontseiluak, lurraldeko agentziek eta Eusko Jaurlaritzako sailek eurek ere parte hartzen dute. Koordinazio-lan hori benetan izaten ari da opari bat, bai ikasten ari garenarengatik, bai parte hartzen duten pertsonen eta erakundeen eskuzabaltasunarengatik.

Zein da euskaldunok egitasmo eta gogo horri egin diezaiokegun ekarpena?Esango dizuet, bada, Euskal Autonomia Erkidegoan oso ohituta gaudela arazoak lan komunitarioaren bitartez konpontzera, eta boluntarioek bertan duten sustraia oso sendoa dela. Herrialde solidario batean bizi garelako ustean gaude; izan ere, administrazioek horri buruzko erantzunik edo politikarik eman aurretik, asko eta asko izan dira hainbat urtetan erkidegoari laguntza eskuzabala eman diotenak.

Gure Autonomia Erkidegoan 1998an onartu zen Boluntarioei buruzko Legea; hortaz, Eusko Jaurlaritzak 13 urte eman ditu jada, boluntarioak sustatzeko politikak garatzen. Lege horren ondorioz, hain zuzen ere, Boluntariotzaren Euskal Kontseilua eratu zen: elkartzeko, aholku eskatzeko edo kontsultatzeko erakunde bat da, eta bere elkartasun-politikak herritarrekin eta herri-elkarteekin partekatzea du helburu. Kontseiluaren osaera paritarioa da, boluntarioen elkarteetako hamahiru ordezkarik eta euskal herri-administrazioetako beste hainbeste ordezkarik osatua.

Boluntarioak sustatzeko politika guztien abiapuntua herri-administrazioen, herritar zibil antolatuen eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiru boluntario-agentzien arteko lankidetza izaten saiatzen gara (EAEn boluntarioen agentzia bat dago lurraldeko).

Boluntarioen ekintzak planen bitartez koordinatzen dira. Bigarren plana 2008tik 2010era arte irautekoa zen, baina aurreko urtearen amaieran, Boluntariotzaren Euskal Kontseiluak erabaki zuen II. Plan horren indarraldia luzatzea. Luzapen hori planteatu zen, batetik, Planean zehaztutako ekintza batzuk egiteke zeudelako, eta, bestetik, aurrerantzean jarduera handiko bi urte etorriko zirelako: aurten, 2011n, Boluntariotzaren Europako Urtea dugu; eta 2012. urtean, Estatuko Boluntariotza Kongresua gure autonomia erkidegoan antolatuko dugu. Premisa horiek aintzat hartuta, ahaleginak ahalik eta modu onenean erabiltzearren, merezi zuen plan horretaz baliatzea eta haren indarraldia luzatzea. Hiru estrategia-ildo ditu: boluntarioen ekintza sustatzeko gogoa herritarrengan sortzea; elkarte-sare dinamiko baten garapena bultzatzea, eta sare hori behar bezala prestatzea, boluntarioek etorkizunean aurre egin beharko dieten erronkei erantzuteko; eta, azkenik, dagoeneko dauden boluntarioen topaguneak konfiguratu eta indartzea, osatzen dituzten eragileen koordinazioa osoa izan dadin.

Horretan ari gara lanean, eta arestian esan bezala, luzapen horri amaiera bikaina emango dio gaur aurkeztu nahi dizuegun Estatuko Boluntariotza Kongresuak.

Kongresua irekia, parte-hartzailea, solidarioa, eta, halaber, luxurik gabekoa eta sormenez betea izatea nahi dugu. Boluntarioak gure helburu eta aktibo nagusia izango dira, bestela esanda, «boluntarioek beste boluntario batzuei zerbitzu eta zaintzak ematea» nahi dugu.

Aldaketa handiko egunak bizitzen ari gara, eta badirudi ekonomia-makinak ez duela indarrik aurrerapenaren motorra izateko. Gaur, inoiz baino gehiago, diruaren ordez, elkartasuna eta ekintza konprometitua baliatu behar ditugu erregai gisa. Beraz, aukera paregabea dugu aurrean, gizartean berriro elkartzeko, eta «urrearen distira»k estalita izan ditugun baloreak berreskuratzeko. Jakin bagenekien diruak dena lortzen ez duena, baina, orain, hori frogatzeko garaia heldu zaigu.

Kongresuaren helburua hauxe izango da: boluntarioei laguntzen dieten inguruak sortu eta sustatzea, eta gaur eguneko erronkei zein etorkizunekoei, jada bistaratzen ditugun horiei, aurre egiteko ahalik eta egoera onena sortzen laguntzea. Gaur amaituko den biltzar honetan erronka horietako batzuei buruz hitz egin dugu jada: mugarik gabeko boluntarioak, teknologia berriak, boluntario izateko era berriak, kultura parte-hartzailea... Oinarrizko elementuei heldu behar izango diegu, hauexek indartuko baditugu: erakundeen laguntza, finantzaketa-bide anitzak, erakundeen arteko lana eta elkartasunaren boterea indartzen duten beste baliabide batzuk.

Bukatzeko, datorren urteko biltzarrerako hautatu dugun goiburua aipatuko dut, une honetan dugun sentimendua laburbiltzen baitu: «alez ale, mendi bat; un granito, una montaña». Horretan sinesten baldin badugu, ale bakoitza, urrats bakoitza, ahalegin bakoitza, txikiena bada ere, lan handi baten, mendi handi baten oinarria izan daiteke: guztien ahaleginak batuz, emaitzak biderkatuko ditugu. Guztiok, zuek eta guk, ondo dakigu hori, egunero egia bihurtzen baitugu.

Eta, segidan, bide emango diot Estatuko XV. Boluntariotza Kongresua aurkezteko bideoari. Kongresua Euskadin, 2012ko azaroaren 27an, 28an eta 29an izango da BEC-en, Barakaldon. Bideoan, gure paisaiak eta bertako herritarrek egingo dizuete biltzarrera etortzeko gonbidapena.